Napartheid komikilari talde batek 1988ko negu gorrian Iruñean sortu zuen Naparroan euskararen ofizialtasuna arautzen duen legea salatzeko. Legeak euskaldunak diskriminatzen ditu apartheidak beltzekin egiten zuen bezalaxe. Naparroako apartheid, Napartheid.

Hastapenean kolektiboak bere indar guztiak euskara hutsean eginiko komiki fanxin baten argitarapenean eman zituen. Edizio xumea eta hedapen urria izan arren, arrakastatsu suertatu zen zalaparta handia sortuz. Honen eraginez, ale berriak argitaratzen dira eta guttinaka laguntzaile kopurua hazten doa, bidenabar, banaketa Naparroatik Euskal Herri osora hedatuz. Ale bakoitzean aktualitatezko gai bat jorratzen da, beti ikuspuntu kritikoarekin, komunikabideetan aurkitzen ez den errealitatearen berri eman nahian. Denborarekin egitasmoa sendotzen da, tirada 3.000 aletara iritsiz. Hala ere, argitarapen amateurra izaki, baditu urteetan bere gora beherak.

Denboraren poderioz, Napartheiden gaur egungo izaera finkatu da. Honi lau ardatz nagusik eusten diote. Kolektiboak arte adierazpen ezberdinak ekoizten eta argitaratzen ditu, bere sormena bideratu zein mezua hedatzeko. Taldea euskaraz bizi da eta ondorioz bere ekoizpen guztiak hizkuntz berean egiten dira. Napartheidek badu ere ìunderground izaera; antolaketa horizontala, merkantilismotik at eta sistemarekiko jarrera kritikoa. Azkenik, aspaldi jabetu ginen porrot ekonomikoa gure gaitz kroniko bezala onartu beharrean geundela.

Egun, komiki fanxinaz gain bestelako ekimenak lantzen ditugu. Higuina Eder bezalako liburu bitxiak, grafitiak, bideoa jorratzeko asmoak... eta Fanxinoteka, gure fanxin liburutegi ibiltaria. Bai, badakigu pixka bat txoratuak ematen dugula, baina kasu, hamaika urte eta gero, egiten duguna eginez ongi pasatzeaz gain, zertarako egiten dugun ederki badakigu.

Biba herria! Biba irria!